PLENTZIAKO UDALETXEAN AURKEZTUTAKO AZKEN IDAZKIAK
Azaroa 21, 2008 | Egilea: piztupglHona hemen Plentziako Ezker Abertzaleak Udaletxean aurkeztutako azken idazkiak
LIZENTZIARIK GABEKO ERRADIAZIOAK PLENTZIAN
Joan den uztailaren 17an, hainbat komunikabidetan “LIZENTZIARIK GABEKO ERRADIAZIOAK” izenburua zuen eskutitz bat agertu zen argitaratuta, igorleak Andra Mari bideko eraikuntzan dauden telefono mugikorren antenei buruz idazten zuen.
Bertan agertzen denez, “antena hauek telefono mugikorren erradiazioa ari dira zabaltzen Andra Mari auzoan, alde zaharreko parte handi batean, San Jose auzoan, eta baita inguruetan ere.
Eraikuntza honek ez du funtzionatzeko lizentziarik eta obrarako lizentzia espedientea galdu egin da. Gakoa zera da, lizentzia hauek onartuak izatea guztiz zalantzagarria dela, sospideko arauen arabera erradiazio igorpen hau ilegala izan daitekeelarik.
Udal Batzarrari, auzokide honen baieztapenak zein puntutaraino diren egia azal dezan eskatzen diogu eta guztiok jakinaren gainean jar gaitzaten. Honen inguruan informaziorik euki ezean, dagokion ikerketa irekitzea ezinbestekoa ikusten dugu, delito baten baino gehiagotan erortzeko aukera baitago, osasen publikoaren kontrakoa barne legokeelarik.
GUTUNA Silvia López de Guereñu Bernaldori (Lehenengo Alkateordea eta Hirigintzako Zinegotzi Delegatua)
Uztailaren 27ko Osoko Bilkuran zeuk egindako adierazpenak direla eta, zeinetan esaten baitzenuen: “atzo (uztailak 26) prentsan atera zen -gainera, aspaldi ohartarazi diete (Udaletxeko) fatxadan egindako pintaden bitartez- prestatuta zegoen atentatuetako bat (ustez egun batzuk lehenago Bizkaian egindako polizia-operazio batean atxilotuetakoek burututakoa) Plentziako komisarian izango zela”, horiei buruzko jendaurreko zuzenketa egin dezazula eskatu nahi dizugu, izan ere, inolako komunikabidetan, ez ikus-entzunezkoetan ez prentsan, ez da zeuk esandakorik aipatu. Honenbestez, gezurra esaten ari zara horrelako adierazpenak egitean eta hori gutxi balitz, hauei erabilera alderdikoi eta oportunista ematen diezu, komunikabideetan agertutako informazioa gehien komeni zaizun momentuan erabiliz. Larriena kontu honetan, zure adierazpenek eragin dezaketen alarma sozialaz gain, zeuk eman duzun epaia da, epaileek eurena eman baino lehenago, gainera, gaur egun ziurtasunez dakigun bakarra atxilotuen kopurua eta eurek egindako tortura-salaketak direnean.
Amaitzeko, irailaren 30eko Osoko Bilkuran zeuk esandakoa ere kontuan hartu dugu jendaurreko zuzenketa hau eskatzerako orduan. Hauxe esan zenuen bertan, EAJko zinegotzi bati zuzentzen ari zinela (etorkizuneko Haur Eskolaren proiektua aurrera eramateko bere taldeak eskatutako diru-laguntzarekin erlazionatutako berri baten harira, egun horretan bertan prentsan atera zena) : “ez dizut kontatuko kazetariak nolakoak diren, ez dagoelako horren beharrik, denok baitakigu nolakoak diren”.
Cortaderia Selloana = Belar suntsitzailea
“Cortaderia Selloana” izen ezberdinekin ezagutzen dugun graminia exotikoa da, “cortadera, panpako belarra edo plumeroak”. Belar suntsitzaile honek, Argentina, Uruguay, Txile eta Brasilen du jatorria, eta lorategietan apaingarri gisa erabili eta gero, orain dela hamarkada bat baino gehiago hasi zen espezie suntsitzaile hartzen gure herrialdean.
“Cortaderia” honek mulu (mata) itxura dauka, inguru hezeetan eta klima epeletan zabaltzen da batik bat. Hamar hamabost urte irauten du batez beste, zeinetan haizeak lagunduta, milaka milioi hazi banatu ahal dituen 30 km karratutan.
Bere kimuak taldekatu eta hiru metroko ingurua eta lau metroko altuera izatera hel daitezke, lurrean ia metro bateko sakonerara hel daitezkeelarik. Sustraien indar honek, sute baten ondoren ere berpiztera lagun ditzake; arrazoi hauengatik eta moldatzeko duen ahalmenagatik, oso arin eta erraz zabaldu egiten da.
Bizkaiko ikerketa institutuak 2006. urtean argitaratutako ikerketan azaltzen duen bezala, herrialdean, 134 hektarea inguru hartuta daude, 134.000 landare 1.336 leku desberdinetan sakabanatuta. Eragin maila altua edo oso altua da 24 herrietan, 100 hektareatan.
Eta Plentzia ez da salbuespena: Berreaga, Txipio, Saratxaga, Isuskiza, erreka inguruak… Belar suntsitzaile honek herriaren hainbat parte kutsatu ditu, eta ez bada erremediorik jartzen, horrela jarraitu eta bertako landarediari kalte egingo dio, herri laborantzei, espazio publikoei…
Premiazko eskaera egiten diogu beraz Udaletxeari, behar diren neurriak ezar ditzatela arazo larri hau konpon dezagun, ondorioak, guztiok pairatzen baititugu, eta behin arazoari aurre eginda, horrelakoak berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak har daitezen.

