Bizitza osorako zigorren eta preso gaixoen egoera, preso ohien ahotik
nbsp;www.hatortxurock.org
Fernando Arburuak 23 urte eta bost hilabete eman ditu kartzelan. Fernando Etxegaraik berriz, 20 urte eta bederatzi hilabete. Espetxeetako politikek izandako bilakaeraren berri eman dute biek Lakuntzan; izan ere, Ainhoa Bagliettok azaldu duenez, “bizi osorako kartzela zigorrak eta preso gaixoen egoera ezin dira ulertu politika penitentziarioa ulertu gabe”.
Etxegaraik gogoratu duenez, 1980ko hamarkadan Puerto de Santamaria eta Herrerako kartzeletan biltzen ziren euskal preso politiko gehienak. Hala ere, orduan erabaki zen sakabanaketa politika ezartzea: Presoak kartzela ezberdinetan banatzeaz gainera, zentru bakoitzean ere bereizi egin ziren, euren arteko harremana ezinezko bilakatuz. Gerora bestelako ondorioak ere pairatu ditu kolektiboak, erregimen aldaketei dagokienez, adibidez (lehen graduaren aplikazioa, patioa bi ordutara mugatzea, “autoritate penitentziarioa” martxan jartzea…). Horren aitzinean sortu ziren espetxez espetxeko borrokak, Salto del Negro (Kanariar uharteetan) kartzelako kasuaren modukoak Tokian tokiko epaitegiek zuten espetxe bakoitzeko presoen ardura, eta horietan ere borrokak juridikoak ematen dira, presoen eskubideak bete daitezen. Handik urte batzutara epaitegi horiek zentralizatu egiten dira, Audientzia Nazionalean. Baldintzapeko askatasuna ez da aplikatzen, erredentzioak (ikasketen eta lanen bidez zigorrak murriztea) amaitu egiten dira eta preso gaixoak ez dira kaleratzen. Azkenean, biziarteko espetxealdia agintzen duen doktrina onartzen du Auzitegi Gorenak. Horixe ezarri nahi izan zioten Etxegarai berari. Berak betetako zigorrari aurre nola egin dion galdetuta, beretzat berebizikoak izan omen dira “herri baten, ideia baten, helburu baten eta historiaren partaide dela” sentitzea, eta aldi berean, herri horrek borrokan segitzen duela jakitea, “historia hori aurrera doala” ikustea.
Bagliettok espetxe politiketan emandako bilakaeraren nondik norakoak xehetasunez azaldu ditu. Bere hitzetan, aipaturiko doktrina ez da bapatean sortu, “urteen poderioz eman den” prozesu baten baitan baizik. 1973an, oraindik frankismo garaian, Kode Penal berria onartu zen, zeinak espetxe zigorrak 30 urteko gehienekora mugatzen zituen. Atal berezia jasotzen zuen, “delitu terroristak” zigortzeko. Ondorioz, euskal preso politikoei zigor gorena ezartzen zitzaien. Hala ere, lege berriaren arabera, erredentzioak eta baldintzapeko askatasuna aplikatuz, zigor horiek murrizteko aukera zegoen. Praktikan arazoak jartzen ziren errdentzioentzat, eta baldintzapekoa ez zen aplikatzen. 1995ean Kode Penal berria onartzen da, 30 urteak osorik betetzeko agindua ezarriz, erredentzioak aplikatu gabe, hain zuzen ere. Preso sozialen kexua eragiten du horrek, baina praktikan, ekintza berarengatik kondena txikiagoak jartzen dira arruntak diren kasuetan. Ez da hala politikoen kasuan: “Kale borroka” deituriko ekintzak 15-20 urteko kartzelarekin zigortzen hasten dira, beraz, “delitu larriagoak bihurtuz eta gainera oso-osorik betetzea ezarriz”. 2003an 40 urtetara igotzen da kondenen gehienekoa, baina arau hau urte hortatik aurrerako kasuei bakarrik dagokie. Beraz, aurretik ebatzitako epaiei ez die eragiten, eta presoak kalera atera daitezke lehenago. Hori ekiditeko, Auzitegi Nazionalak erredentzioak ez ditu onartuko, eta aldiz, presoen eskubide urraketak ontzat emanen ditu. Hori ere aski ez, eta “biziarteko espetxealdia” bilatzen duen doktrina agertzen da, erredentzioen aplikazioa 30 urteen gainean erabaki beharrean, kondena osoaren gainean ezarriz. Beraz, horiek inolako efekturik gabe geratzen dira. Baldintzapeko askatasuna ere horrela ezarriko dute. Horrekin batean, behin zigorra beteta “delitu berriak” egotziz, zigorrak luzatzen saiatuko dira. Bagliettoren hitzetan, presoei zera esan nahi diete: “Behinere ez zara aterako, bizirik ez behintzat”.
Zigor urteekin hertsiki loturik, preso gaixoekiko tratuan izandako bilakaera dago. Horren berri eman du Arburuak. Gaur egun 180 omen dira jarraipen bereziak behar dituzten presoak, eta konfidantzazko mediku baten arreta berebizikoa zaienak. 1989An Argeleko elkarrizketak bertan behera gelditzearekin sakabanaketa politika agertu zela gogorarazi du, eta horrekin batean, konfidantzazko medikuak ukatzen eta mediku bisiten kontrola areagotzen hasi omen ziren. 2003tik aurrera estutzen joan ziren neurriak, eta lehenago sikologoak konfidantzazkoak baziren, hori ere mozten hasi ziren. Bisita horiek interbenituak direla salatu du Arburuak. Horrek guztiak preso gaixoarengan eragiten du: Artikulazio arazoak dira ohikoenak, gune itxian sartuta egotearen ondorioz. Arnas aparatuarekin lotutako gaitzak ere ugariak dira, eta sikologiari dagokionez, nabarmena da aplikatzen joan diren “zigor erantsien” eragina: Sakabanaketaren bidez etxekoengandik eta lagunengandik urruntzeak, isolamenduak dakarren talde sozialetik bakartuta sentitzeak eta zigorrak luzatzeak “pertsona estutu eta desegitea” bilatzen dutela azpimarratu du. “Egia da askotan aurre egin eta hori gainditzea lortu izan dela, kolektiboaren elkartasunari esker eta baita norberaren izakera politikoa dela-eta ere, baina askotan ikutuak gelditzen dira batzuk, eta betirako gainera”. Horien kasuan laguntza bideratzea “zaila” dela salatu du Arburuak. Pairatu beharrekoen artean, intimitate eza nabarmendu du, gizakiarentzat funtsezkoa dena baina kartzelan ematen ez dena. “Hori ikaragarria da. Arauek, egiturak, kartzelariek… horiek markatzen dute eguna, ordua. Beti kontrolatuta dago presoa, uneoro”. Preso larrien kasuan berriz, 2003 urtetik askatasuna ukatzen zaiela eta lortutako kasuetan “erabat baldintzatuta” daudela jakinarazi du.

